BILBOKO PORTUAREN ZERBITZUGUNERA SARTZEA ETA HAN EGOTEA

Portu-barrutira sartzeko baimen hori Portuko Poliziari erakutsi behar zaio, eskatzen denean.

Sartzeko baimena behar bezala erabiltzen ez bada, berehala baliogabetuko da; horrek ez du esan nahi dagozkion jarduerak alde batera utziko direnik.

Sartzeko baimenaren eramaileak konpromisoa hartzen du zorrotz betetzeko Bilboko Portuko Polizia eta Zerbitzu Araudian eta Erregimenean eta portuko gainerako ordenantzetan jasotako araudia.

Portuaren zerbitzugunean ibiltzen diren ibilgailuek bereziki bete behar dituzte arauok, eta arretaz ibili behar dute, seinaleak errespetatuz, eta zirkulazioko, ibilgailu motordunen zirkulazioko eta bide-segurtasuneko arauen arabera. Horrez gainera, portu-eremuan ibiltzeko eskatzen diren estaldurak dituen aseguru-poliza bat izan behar dute.

Portuaren zerbitzugunean ibiltzen direnen erantzukizuna berena soilik izango da. Zerbitzugunean zerbait gertatuta pertsonek edo ondasunek —norberarenek edo hirugarrenenek— kalterik edo galerarik izanez gero, Bilboko Portuko Agintaritzak ez du bere gain hartuko erantzukizunik.

Portuko zerbitzugunean gehienez ere 50 km/h-ko abiaduran ibil daiteke, seinaleek besterik adierazi ezean. Zirkulatzea onartzen den kaietan, gehienez ere 30 km/h-ko abiaduran ibil daiteke, seinaleek besterik adierazi ezean.

Aparkatzeko seinalizatutako eremuetan baino ezin da aparkatu. Debekatuta dago garabi-bide eta trenbide gainean aparkatzea, eta, edonola ere, ezin da horien errail gertuenetik edo kaien ertzetik 2 m baino gutxiagora aparkatu. Oro har, debekatuta dago portuko eragiketetan eragozpenak sor ditzakeen edozein jarduera.

Debekatuta dago kaietara, biltegiratze-eremuetara, eragiketa-eremuetara, zerbitzu-galerietara eta eraldaketa-zentroetara sartzea, espresuki baimendutako langileentzat izan ezik.

Debekatuta dago korronte-harguneen kaxak manipulatzea.

Kaiaren ertzean lanak egiteko, salbamendu-txalekoa erabili behar da.

Baldintza meteorologiko txarretan, ez egon atrakatutako ontzien estatxen ekintza-eremuan.

Ez egon eta jarduerarik ez egin zintzilik dauden kargen azpian, ez eta garabien ekintza-eremuetan ere.

Portu-barrutiko langile guztiek erraz ikusteko arropa erabili behar dute. Portu-barrutiko oinezko joan-etorrietan, erabili horretarako ezarritako bideak eta espaloiak. Eroriak saihesteko edo objektuak zapaltzetik babesteko, erabili segurtasun-oinetako irristagaitzak eta zulaketen aurkako zorua dutenak.

Arreta berezia jarri trenbide-gurutzeguneetan: trenak du lehentasuna. Errespetatu semaforoak, seinaleak eta trenen zirkulazioa kontrolatzen duen portuko poliziaren jarraibideak.

Kamioietan olanak jartzeko instalazioa erabiltzean, baranda-eremua utzi eta kamioi-ohera igo behar duen langile orok segurtasun-arnes bat izan behar du soinean, erortzeen aurkako gailu lerragarrietako batera lotua.

Merkantzia garrantzitsuekin gorabeherak gertatuz gero, ebakuatu eremua haizearen kontrako noranzkoan beti, eta Portuko Poliziaren jarraibideei segi.

Bilboko Portuak Autobabeserako Plana du, eta larrialdi bat dagoen unean portuan dauden langile guztiei aplikatzen zaie, baita BILBOKO PORTUKO AGINTARITZAren langile ez direnei ere.

Larrialdietarako Kontrol Zentroan (LKZ) zuzentzen eta koordinatzen ditu BILBO PORTUKO AGINTARITZAK larrialdi batean esku hartzen duten bitartekoak. Larrialdiren bat gertatu dela ikusten baduzu, deitu LKZra edo jakinarazi gertuen duzun portuko poliziari.

Larrialdien Kontrolerako Zentroa (LKZ).
Telefono-zenbakiak: 94 493 81 12 – 94 493 81 39

Baimena galduz gero, berehala jakinarazi behar zaio Babes eta Kontrol Zentroari 94 487 11 99 edo 94 487 14 00 telefonoaren bidez.